Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteko kideak hegoaldeko hainbat herrialdera joan dira gure kideekin garapen proiektuetan lan egiteko. Haien lana oso positiboa izan da. Baina guztiek nabarmentzen dutena da oso aberasgarria izan dela beste herrialde, arraza eta kultura bateko pertsonak ezagutzea eta haiekin trukeak egitea. Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteko lankideetako batzuk kanpoan jarraitzen dute lanean; beste batzuk itzuli egin dira eta hemendik une bikain asko, eta hainbat zailtasun eta sufrimendu, partekatu dituzten hango jendearen garapenaren alde lanean jarraitzen dute.
Kasu gehienetan, pertsona horien esperientziak elkarteko gainerako kideei ezagutarazi zaizkie bileren, hitzaldien edota elkartearen aldizkariaren bitartez.
Ezinezkoa da esperientzia horiek guztiak hemen azaltzea. Adibide gisa, horietako hainbat aipatzen dira:
- 1997ko otsaila eta 1998ko otsaila bitartean, Cochabamban (Bolivia) bi lankide egon dira: Donostiako bi ingeniari tekniko, alegia. Hainbat eskola tekniko abian jartzen lagundu dute. Eusko Jaurlaritzak haien egonaldia diruz lagundu zuen 3.000.000 pezetarekin, borondatezko lankideentzako ditu laguntzen 1997ko deialdian.
- Gure kide den Rakel de Markos (medikuntzako laugarren maila egiten ari da) bi hilabetez egon zen Huachacallan (Bolivia) 1997ko udan. Han, osasun eta prestakuntza izaerako lankidetzan jardun zuen Jesus eta Maria serorekin batera. Elkarteak diruz lagundu zion bidaia gastuetarako.
Itzuli zenean, prestakuntza eta sentsibilizazio saioa antolatu zen, eta han izandako esperientziak eta ondorioak ezagutarazi zizkigun.
- Beste kide batek (Alfonso Ruibal industria ingeniaria) hiru hilabete eman zituen Dhunoten (Bangladesh) 1997ko udan. Han, Eusko Jaurlaritzaren borondatezko lankide gazteen programaren baitan garapenerako laguntzako programan lan egin zuen.
Halaber, bilera bat antolatu zen Lankidetzarako Ingeniaritza elkarteko kideekin, bere esperientziak ezagutaraz zitzan.
- 1998 eta 1999 urteetan, Alto Liman egon da (Bolivia). Asier Bengoa, eibartar ingeniari teknikoa. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu zuen bere egonaldia. Hots, guztira, 1.500.000 pezeta jaso zuen. Asier Hego Amerikako herrialde horretan integratuta dago, eta gaur egun han jarraitzen du lanean Fe y Alegria erakundearekin batera. Bere lanaren asmoa laguntza eskaintzea da Fe y Alegria zentroak herrialde hartan kudeatzen dituen zentroetan.
- 1998ko abenduan, gure kide Alfonso Ruibal Cuzcora joan zen (Peru). Toki horietan, Unicefek, tokiko hainbat erakunderekin bat, biztanleentzako garapenerako proiektuak dituzte, besteak beste, ur segurua eta saneamendua hornitzea. Hain zuzen ere, esparru horretan ari da jadanik herrialde hartan era iraunkorrean ezarrita dagoen Alfonso lanean.
- Rakel de Marcos medikua osasuneko lanak gauzatzen ibili da Hondurasen 2001eko otsaila eta ekaina bitartean.
- Bizkaiko kide den Manu Esteban, berriz, hainbat hilabetez egon zen 2002an Sucren (Bolivia), Munduko Bankuan finantzatutako proiektu batean. Bidaiaren arrazoia izan zen Munduko Bankuak gonbidatu egin zuela, eta ondoren proiekturako hautatu. Proiektuaren asmoa Boliviar Errepublikako gobernuan erakunde erreforma gauzatzea zen, botere judizialari dagokionez. Bere lana bertako ingeniarien eta arkitektoen taldea zuzentzea izan zen, materialak, ekipamenduak eta instalazioak normalizatzeko eta mantentzea kudeatzeko proiektuan. Proiektuan eraikinak, berriak nahiz zaharberritzekoak izan, osatzen dituzten elementuek izan beharreko zehaztapen teknikoak taxutu nahi ziren.
- Asun Cantera industria ingeniariak oporrak Kenyan eman zituen laguntzen duen garapenerako lankidetza proiektuaren jarraipena egiteko. Eusko Jaurlaritzak onartutako proiektu horren xedea emakumeentzako lanbide heziketako Kibondeni zentroa (ostalaritza eta cateringa) handitzea zen. Halaber, egonaldia aprobetxatu zuen herrixka bateko (Gatina) beharren gaineko informazioa eta datu zehatzak biltzeko, "Parteka ezazu zeure zortea" Bilboko eskola bateko garapenerako hezkuntzako proiekturako.
- 2004ko maiatzean, Gorka Zakalain Gipuzkoako elkarteko kidea Kongoko Errepublika Demokratikora joan zen, ura ekartzeko proiektuan lan egiteko. Gorkaren bidaiaren helburua eremuko datu topografikoak jasotzea zen eta lehendik ziren azpiegiturei buruzko informazioa lortzea, ura ekartzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Hiru astez Mariaren Konpainiako kideekin hartu zuen ostatu. GPS batekin Nyakalengwa eremuko neurriak hartu zituen zonalde horretako plano piezometrikoa egin ahal izateko. Herriak zenbatu ziren, Luganoko hiru iturrien emaria neurtu zen, Bukavun eskuragarri zeuden (lur irmoko hiri hurbilena) materialen aurrekontuak eskuratu ziren.
- 2004ko gabonetan, Roman Santos Etiopiara joan zen, Wukrora, alegia. Herrialde horretan hainbat proiektu eginagatik ere, kasu horretan, bidaia hori egitea beharrezkoa zen ur hornikuntzako proiektu aterako konponbide egokienak bilatzeko eta aztertzeko teknologiaren aldetik; izan ere, ur behar handienetarikoa duen munduko herrialdea da. Zehazki, proiektuak hiriko biztanleei, landa eremuari eta nekazaritzako lanbide heziketako eskolari ura hornitzea eta banatzea barne hartzen du.
- Angel Tallon lankidea Boli Kostan ari da lanean azken urteotan. Lana hango erakunde batekin batera egiten du, lanbide eta unibertsitate heziketaren esparruan. Harekin batera, Boli Kostako erdialdeko eta ekialdeko eskualdeetako tokiko erakundeak identifikatzeko estrategia taxutu dugu.
Oinarrizko azpiegiturak hobetu nahi dira, eta tokiko erakundeek hobeto funtziona dezaten lortzea: egiazko zerbitzua den mezua biztanleei helaraztea, Boli Kostako administrazioak parte hartze zehatza eta erreala duela oinarri hartuta.
Proiektuen xedea, funtsean, landa eremuetara elektrizitatea eramatea eta eskolak nahiz osasun zentroak eraikitzea izan da. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektu asko garatu dira alkatetzekin eta arrakasta handia izan dute. Alegia, hori ez da ohikoa Afrikaren kasuan erakunde publikoekin lan egiten denean... are lorpen handiagoa da, gainera, azken urteotan herrialde hartan bizi den egoera tirabiratsua kontuan hartuta. Ildo horretan, Angelek egindako jarraipen eta kontrol lana berebizikoa da, eta, hein handia, horri egotzi behar zaio arrakasta.